XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zatoz ba, irakurle, nirekin, eta etzun gaitezan hor, belardi eder hortan, udako arratsalde beroan.

Eta itsas aldetik datorren haize bigunak, agirian daukaguzan gorputz atalak maitekiro laztantzen deuskuzan bitartean, egin daigun amets....

- Aitor, laguntza eske natorkizu.

Aitor-ek, aurrean eukan lagunari, begirada arin bat egin eutsan.

- Esan egidazu, ba.

Koldo-k arnas apur bat hartu eban, eta hitz egiten hasi zan.

- Dakizunez, ojalateriko lanetan nabil, baiña nire kontura.

Ez daukat, ba, jornal segururik.

Ezta seguruko osagillerik, ez zahar nazanerako pentsiñorik be.

Hasperen bat egin eta gero, Koldo-k jarraitu eban.

- Edurne-kin nabil eta ezkontzeko asmotan gagoz, baiña holan ezin naz ezkondu.

Sendi, famili bat aurrera eroateko, zeozer zihurra behar dot.

- Eta zure oraingo lan hortan, ez al dozu asko irabazten?.

Esan nahi dot, biziteko ta gerorako gordeteko?.

- Ez, ez da hainbeste.

Batzuetan asko, esate baterako, etxe barri handi baterako lana artzen dodanean, baiña gehienetan, txapuzak dira, gaur hemen eta bihar han, eta holan ez da asko irabazten.